Zer da Asis Sarea?
Beren eguneroko bizitzan frantziskotarren espiritualtasuna ezagutu edo partekatu nahi duten lagunen sare irekia.
Zenbait laiko eta fraide frantziskotarrok erabaki dugu, Arantzazun, beren eguneroko bizimoduan espiritualtasun frantziskotarra ezagutu edo partekatu nahi duten lagunen sare sozial irekia sortzea.
-(1) Sarea. Sarea diogu, ez baitugu inongo talderik, erakunderik edo egiturarik sortzeko asmorik; motibazio berak bultzatutako eta oinarrizko printzipioak, borondatez, partekatzeko prest dauden zenbait gizon-emakumeren arteko harremana sustatu nahi dugu.
·(2) Soziala eta irekia. Ez da norberaren barnerantz bakarrik begiratzen duen mugimendua, edo esparru edo dinamika pribatuetan, itxietan edo batasun ideologiko edo erlijioso handikoan jardutekoa, baizik eta ateak zabal-zabalik dituen herritar-sarea, apaltasunez gizarteari eskaintzen zaiona, uste duelako baduela egungo gizarteari zer eskainia. Ezaugarri horiek aproposak eta beharrezkoak izango dira beste proiektuetan edo testuingurutan, baina gure proiektuaren zereginarekin ez datoz bat. Hau guztia minimoak baina sendoak diren lau printzipioen inguruan gauzatzen da.
-(3) Pertsona laikoen sarea da, bai erlijiosoen bai apaizen parte-hartze pertsonalera irekia. Eremu oso zabal batean jarduteko asmoa dugu, non sinestun konbentzituek eta, batez ere, zalantza- edo ezinegon-prozesuetan eta bizitzaren zentzu bila dabiltzanek lekua duten.
-(4) Espiritualtasun frantziskotarra ezagutu edo partekatu nahi dutenentzat. Gizon-emakume horiek guztiak honek batzen ditu: irmoki uste dute, edo nola edo hala sumatzen dute espiritualtasun frantziskotarrak ekarpen baliotsua, gaur-gaurkoa, egin diezaiekeela norberari eta inguruan duten gizarteari. Horregatik Asis Sarea irekitzen da: lehenik eta behin, ezagutu nahi dutenei, espiritualtasun frantziskotarrak haien bilaketari zeozer esateko daukan ala ez jakin nahi dutenei, sinesdunak diren edo ez oso argi ez izan arren. Eta bigarrenik, fedea, zalantzak edo espiritualtasun frantziskotar izaeraren esperientzia partekatu nahi dutenei; bizipen-historiak, prozesu pertsonalak edo fedearen prozesu desberdinak dauzkaten eurak bezalako pertsonekin, familia edo anaidia osatu nahi duten pertsonenei eta horrenbeste dohain, besteei eskaintzeko eta besteekin partekatzeko dela dakitenei.
-(5) Beren eguneroko bizitzan. Sare honek ez du aparteko asmo handirik; lanbro fina izan nahi du, bere kideen eta inguruan duten gizartearen bizipen espiritualak, eguneroko bizimodua, jarduera pertsonalak, sozialak eta bizikidetza pixkanaka bustitzen dituen langarra.
Aurkezpena
Hona hemen zer partekatu nahi dugun zuekin: uste bat —gizakiak bere alderdi espirituala berreskuratu beharra dauka—, eta intuizio bat —espiritualtasun frantziskotarrak Ebanjelioaren funtsezkoenaren ituizio gisa, ekarririk egin dezake nora ezean gabiltzan sasoi honetan
Garai zailak dira hauek, paradoxa handikoak: duela hamarkada batzuk pentsaezinak zitzaizkigun aukerak, erosotasunak eta aurrerapen teknologikoak ditugu, batetik; bestetik, ordea, nora ezean bizi gara: krisi ekonomikoak, politikoak, sozialak, ekologikoak; pobrezia, bazterketa, indarkeria, bizitzaren zentzurik eza… Gosez eta egarriz hiltzen ari da munduko biztanleen erdia, beste erdiak sobran duena aski lukeen arren elikatzeko.
Badirudi gure gizarteak balio indibidualistenetan eta materialenetan (teknika, kontsumoa, boterea, kontrola, segurtasuna, arrakasta, dirua...) bilatzen duela zoriontasuna. Bigarren mailan, urrun, geratzen dira, aldiz, beste zenbait balio,, ez-materialak: espiritualtasuna, kultura, etika, natura, maitasuna, elkartasuna... Hala, bada, bere horretan irauten ez ezik hazten ere ari da nora eza, norberarena zein gizarte osoarena.
Gizon-emakume denok, edo gehienok, dugu halako ez-konformidade existentzial bat, bizitzari zentzua aurkitu beharrari lotua. Eskarmentuak diosku ezinegon hori ez dutela isilarazten balio materialek; balio espiritualekin tratatu behar da, izan ere. Iguripen edo itxaropen okerra da uste izatea norberaren edo gizartearen barne-zoriontasuna bizitzaren alderdi materialari dagoela loturik bakarri, daukagun, pilatzen dugun edo kontrolatzen dugun horri alegia.
Ez dezagun gutxietsi balio materialen garrantzia, baina jar ditzagun dagokien lekuan. Izan ere, bitartekotzat hartu beharrean helburutzat hartuz gero, gizatasuna kentzen diete gure bizitzari eta elkarbizitzari, gizon-emakumeon eta gizartearen zerbitzura egon beharrean, balio absolutu bihurtzen dira eta euren mende jartzen gaituzte, nora eza eta nortasun-galera eragiten digute. Balio humanistak behar dituzte euskarritzat balio materialek, eta gure sentsibilitate sakonenarekin, espiritualenarekin, jorratu behar ditugu.
Badakigu hausnarketa hau ez datorrela bat egungo munduaren noranzkoarekin. Ez dio axola. Kontrapuntua, kontrapisua jarri nahi diogu egoera horri. Argi azaldu nahi dugu bere alderdi espirituala berreskuratu beharra daukala gizakiak. Eta garbi adierazi nahi dugun intuizio bat dakarkizuegu: gure ustez, espiritualtasun frantziskotarrak, Ebanjelioaren funtsezkoenaren ituizio gisa, ekarririk egin dezake nora ezean gabiltzan sasoi honetan.
Ideia horien inguruan batzartu gara zenbait herritar laiko eta fraide frantziskotar, Arantzazutik Asis Sarea bultzatzeko asmoz. Ez da erakunde edo talde berri bat; hemen ez dago bileretara etorri beharrik, eztabaidetan parte hartu beharrik, kuotarik ordaindu beharrik. Aski dugu posta arrunteko edo posta elektronikoko helbide bat elkarrekin harremanetan jarduteko. Printzipio bakan batzuk oinarri harturik bilaketa espiritual bat partekatzea, norbera dagoen lekuan dagoela eta dabilenean dabilela, horixe da gure xedea.
Neurri batean edo bestean beren bilatze-bide pertsonalaren edo eguneroko fedearen bizipenean laguntza gisa espiritualtasun frantziskotarraren balioaren intuizioa dutenekin bide zabala eta plurala jorratu nahi dugu. Norberak erabaki behar du nondik ekin bideari, noraino iritsi nahi duen, zer abiaduratan ibili nahi duen, betiere norberaren bizitzako unearen arabera. Bere eguneroko bizimoduan espiritualtasun frantziskotarraren balioa, Ebanjelioaren funtsezkoenaren intuizio gisa, ezagutu edo partekatu nahi dutenentzat da Asis Sarea. Dokumentu honen xedea da azaltzea zertan datzan Asis Sarearen proposamena, eta iradokitzen duen esperientzian parte hartzeko gonbidapena.
Frantziskotarren espiritualtasunaren ardatzetako batzuk
Betidanik egotzi izan zaio Frantziskori bere momentu historikoan Jesusen Ebanjelioaren funtsezkoena irakurtzeko doaina. Jesusengana heltzeko eta hurbiltzeko atetzat hartu da. Horregatik, uste dugu egun ere gaurkotasun handia daukala eta lagungarria izan daitekeela geure momentu historiko honetan, ezegonkorra berarena bezala, Jesusengana eta Ebanjelioen baliorik funtsezkoenetara hurbiltzeko, bertan Frantziskok aurkitu zuen zentzu sakona aurkitzeko. Espiritualtasun frantziskotarrak, kristauaren berrirakurketa gisa, gure bilatze pertsonal ezberdinetan argi eman diezagukeela uste dugu. Beraz, Asis Sareak ez du helburu gisa hartzen, kristau fedea gaur egun ulertzeko eta horretan sakontzeko bide gisa baizik.
Espiritualtasun frantziskotarraren euskarri ditugu Frantzisko Asiskoaren bizitza eta frantziskanismoaren historiak horrek izan duen esanahia. Atal honetan, espiritualtasun frantziskotarraren alderdi nagusi batzuk azalduko ditugu, oso labur eta egungo hizkerarekin. Beraz, laburpen honetan ez dago zehaztasun handirik, ez du interpretazio zientifiko izateko asmorik. Atariko ohar batzuk baino ez dira hauek, Frantzisko Asiskoaren mezuak, zortzi mende eta gero, bizirik irauten duela adierazteko asmoz idatziak. Hemen azalduko duguna baino askoz ere gehiago izan zen Frantzisko Asiskoa, baina sakonago ezagutzea da, hain justu ere, orain hasiko dugun bide honen akuilagarrietako bat.
1.1. Absolutuaren bilaketa pertsonala
“Nor zara zu, Jainkoa; nor naiz ni?”. Etengabeko bilaketan eta galdeketan jardun zen Frantzisko, eta horien bidez iritsi zen Jainkoa aurkitzera eta harekiko harreman pertsonalera. “Jauna, zer nahi duzu nik egitea?”. Galdera- eta bilaketa-prozesu horretan, Jesusen eta haren Ebanjelioaren hitzaren jarraitzaile izatea zuela bidea aurkitu zuen. Jainkoarekin norberak etengabeko harremana izateko borondatea da espiritualtasun frantziskotarraren ezaugarri nagusia, Jesusen bizitza jarraitzea haren Hitza entzun eta irakurriz.
1.2. Umiltasuna
Hainbat eratara nabarmendu zen umiltasuna Frantziskoren bizitzan: Jainkoarekiko umiltasuna: pobrezia espirituala; norberarekiko umiltasuna, nork bere burua egiazki ezagutzeko; eta besteekiko umiltasuna: gutxitasuna bizitza-erkidetasun bihurtua. Azken batean, uko egiten zion Frantziskok botere material edo espiritualeko nahi orori. Espiritualtasun frantziskotarrak bizitza eta horren zailtasunak eta aukerak umiltasun-sen sakonarekin ekitera gonbidatzen gaitu, gure mugen zenbaterainokoaz egiazki oharturik. Pobre, gure egiaren jabedun, txiki izatera gonbidatzen gaitu, benetako espiritualtasuna gureganatzeko gure buruarekin, gure bizitzan eta besteekiko elkarbizitzan.
1.3. Elkartasuna
Frantziskok Jainkoagan aurkitu zuen ongi gorena. Hainbeste maitasun ezin ezkutatu, ordea: eskertu eta besteekin partekatu beharra dago. Jainkoaren oparia besteen aldeko ekimen bihurtzen da, bakearen eta ongiaren mezulari bihurtzen gaitu. Gizon eta emakume bakoitzari jakinarazi behar diogu “Zu ere maite zaitu Jainkoak”, eta, esan ez ezik, gure jokabidearekin, giza elkartasunarekin erakutsi benetan ari gatzaizkiola. Gizon-emakume bakoitzaren bizitzan, espiritualtasun frantziskotarra besteei ematea da, besteekiko atxikimendua, eskuzabaltasuna, altruismoa, batez ere baztertuen daudenekikoa, esker oneko eta umiltasunezko bizipena. Gizon eta emakume bakoitzaren ontasuna gordetzen duten ezkutuko baliabideen adierazpena dugu frantziskotasuna, Jainkoak eskaintzen digun bake eta ongiaren iragarpena.
1.4. Anaitasuna
Anaitasuna du ardatz nagusietakoa Frantzisko Asiskoaren ibilbideak: berak sortutako ordena erlijiosoan (“Inork ez beza izan aginterik edo botererik besteen gainetik”); Elizarekiko, eliztarrekiko elkartasunean; eta anaitasun unibertsala (izadia, gizakiak, mundua, natura, zailtasunak, pozak..., ororekiko anaitasuna). Jainkoaren bila zebilela, bihotz berri bat aurkitu zuen Frantziskok. Den-dena Jesusen begiekin eta begiradarekin ikusten ikasi zuen. Horixe dugu, bada espiritualtasun frantziskotarra: pertsona bakoitzaren eta inguruan dugun guztiaren giza duintasunari begirada anaikor eta bakezko horrekin ekitea.
Zer betekizun dakartza Asis Sareko kide izateak?
Sare honetako partaideek beren eguneroko bizimoduan espiritualtasun frantziskotarraren oinarrizko lau printzipio eta horiek aplikatzeko bost irizpide onartzen dituzte.
1. printzipioa. Egunero bilatzea Jainkoarekin harreman pertsonalaPrintzipio honek, zentzuaren bilaketa- eta eraldaketa-prozesu bezala, barneko bizitza lantzeko beharra erakusten du. Barneko egiazkotasunaren bilaketa hori Jesusekiko harreman pertsonalera eta afektibora, benetako eta maitasunezko elkarrizketa- eta entzute-harremanera irekitzeko oinarria da.
Hura maitatu eta Hark maitatua sentitu behar da; Harekin hitz egin behar da egunero, eta Hura entzun. Ardatz honen inguruan laburbiltzen da harreman hori: Aitaren borondatean konfiantza izan, Haren zain egon, Haren borondatea aintzat hartu.
Printzipio horrek Frantziskoren galdera bera egitera garamatza: “Nor zara zu, Jainkoa, eta nor naiz ni?”. Geure egiten badugu galdera hori, bizitzari egiazkotasunez ekiteko prest izango gara.
Gure eguneroko bizitzaren une guztietan gauza daiteke Aitaren borondatea betetzeko Jesusekiko harreman pertsonal eta afektibo hori. Nolanahi dela ere, ibilbide horri ekiteko, printzipioaren aplikazio-irizpide batzuk erabili behar dituzte espiritualtasun frantziskotarraren sareko kideek:
-1. irizpidea. Egunean 15-30 minutu hartzea otoitz egiteko, Ebanjelioa arretaz irakurtzeko, isiltasunean entzuteko; gure pozak eta arazoak, esker ona, barkazio- , laguntza-, bitartekaritza-premiak adierazteko.
2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna
Barrutik, behetik saiatu behar dugu aztertzen eta konpontzen gure arazo pertsonalak eta gure bizikidetzaren gorabeherak, hau da, gure pobrezia pertsonalaz eta gure mugez oharturik, bat eginik, elkarrizketarekin, barkazioarekin, berradiskidetzearekin, benetakotasun etiko eta existentzialaren bila betiere, Jainkoarekin eta gure kontzientziarekin elkarrizketan. Ebanjelioaren eta Frantziskoren gutxitasuna da, hain zuzen ere.
-2. irizpidea. Gertatzen zaigun guztia argibide horiekin berraztertzeko lan pertsonala, etengabea eta konpromisoa eskatzen ditu printzipio honek. Sareko partaide garenok onartu egiten dugu desafio hori.
3. printzipioa. Eguneroko bizitza: kanporantz, elkartasuna
Besteei eta munduari esker onez, eskuzabaltasunez, atxikimenduz eta doan irekitzea eskatzen du printzipio honek, Aitaren borondatearekin bat bilatuz gure eginkizuna. Daukagunetik zerbait ematea eskatzen du, eskuzabalki, eta ez onak edo justifikatuak sentitzeko, zerua irabazteko edo gure bizitzari oinarri bat emateko, baizik eta doako maitasun adierazpen gisara, hori baitugu irizpide gidari. Segur aski, sare honetako kideok baditugu, lehendik ere, zenbait elkartasun-konpromiso. Printzipio honek ez dakar, nahitaez, konpromiso berririk hartzerik, baizik eta lehendik ditugunak eskuzabaltasunez eta esker onez mamitzea.
-3. irizpidea. Zehazki, adierazten du gure bizitzan elkartasun-konpromiso bat, besteenganako altruismo-sena izan behar dugula, batez ere behartsuenekin eta baztertuenekin: gaixorik dagoen senitarteko bati edo beste beharrean dagoen norbaiti laguntzea; elkartasun-proiektu bati dirua ematea, erakunde sozial edo humanitario batean parte hartzea, bakearen eta justizia sozialaren alde jardutea... Frantziskotar bizitza ez da osoa ez badugu lagun hurkoarekiko elkartasunez jarduten. Gure bizitzan ez badago elkartasun-adierazpenik, saiatu behar dugu gureganatzen.
4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi
Frantziskoren funtsezko ezaugarria dugu anaitasunez bizitzeko deia, Jesus jarraitzeko bide egokientzat baitzeuzkan harremana, adiskidetasuna, elkartasuna (desberdinak izan arren), giza duintasunean bilatzea eta partekatzea anaitasuna, anaia/arreba izatea, hurko sentitzea, bakea eraikitzea... Gure apaltasunetik, Ebanjelioaren eta giza harremanen arteko lotura horri lagundu nahi dio Sare honek. Espiritualtasun frantziskotarra partekatzeko printzipio honek bi aplikazio-irizpide ditu:
-4. irizpidea. Hileroko azken ostegunean, 19.30ean, espiritualtasun frantziskotarraren sareak otoitz- eta ospakizun-bilkurak egingo ditu lagun-talde bakoitzak hautatzen duen parrokia, ermita, kapera edo elizan. Hileroko topaketak , kantuak, isiltasun-tartea, Ebanjelioaren irakurketa, hausnarketa eta denon arteko otoitza izango ditu. Hilero, topaketa baino 10-15 egun lehenago, posta elektronikoz bidaliko dira talde horrek ospakizunerako irakurgaiak eta hausnarketarako materiala sareko partaide guztiei.
-5. irizpidea. Seguruenik, jende askok ezingo du parterik hartu hileroko ospakizun horietan, egun edo ordu horretan ezinezkoa zaielako, edo horrelako topaketa batean jardutea zaila egiten zaielako. Irekitzea eta partekatzea da gure sarearen asmoa. Horregatik, bosgarren aplikazio-irizpidea da Asis Sarearen gutun ireki gisara argitaratzea hileroko otoitzaldirako prestatzen den irakurgaia eta hausnarketa-materiala, eta bidaltzea sare honen iradokizunekin bat datozenei, halako bilaketa- edo ezinegon-faseren batean dabiltzanei, nahiz eta hileroko topaketetan parterik hartu ez. Beraz, Asis Sareko hileroko topaketetan parte hartzen dugunok gure inguruko jendeari eskainiko diogu gutun hori, betiere horren edukia interesatzen zaiela uste badugu. Hortaz, gutuna jasotzeko bere helbide elektronikoa ematen duten guztiak ere sareko kide izango dira, beste maila batean, norberaren abagune pertsonalaren arabera. Pertsona horietako batzuk beren etxetik edo lantokitik har dezakete parte hileroko otoitz-jardunaldian; beste batzuek, berriz, gutuna irakurri eta hausnarketa egingo dute. Nahi duen mailan har dezake parte bakoitzak gure Sare honetan.
Nola hartu parte Asis Sarean?
Parte hartzeko modu desberdinak daude. Norberak bizi duen momentu pertsonalari erantzuten dion erritmoan egin dezake. Ezinbestekoa dena posta-helbideren edo helbide elektronikoren baten bidez konektatua egotea da.
Esperientzia honetan parte hartu nahi duen edozein lagunek edota lagun-taldek aukera desberdinak ditu inplikazio maila txikiagoz edo handiagoz.
Asis Sareko oinarriekin eta irizpideekin egunerokoan bat egitea
Hori da gakoa. Asis Sareak geure dimentsio espirituala eta dokumentu honetan azaldu diren espiritualtasun frantziskotarraren gakoak eguneroko bizitzan berreskuratzeko aukera ematen du. Norberak bizi duen momentu pertsonalari erantzuten dion erritmoan egin dezake.
Asisko Gutuna hilero jasotzea
Asisko Gutuna hilero jasotzea sare honetan parte hartzeko modua da. Horixe jaso nahi duten lagunek edota lagun-taldeek
Hileroko otoitzaldi-bilkuran parte hartzea
Hileko azken ostegunetan, 19.30ean, hainbat herritan otoitzaldi-bilkurak antolatuko dira. Deialdi irekia da, nahi duenak parte hartu dezan. Modu pasiboan ere har daiteke parte zertan den eta bere zentzua ulertzeko asmoz.
Asis Sareko web orrian eskaintzen dituen jardueretan parte hartu
Web orriaren bidez eskaintzen diren jardueretan parte har daiteke. Hauek interesgarriak izan daitezke bilaketan edo fede-bizitzan bide pertsonala egiten laguntzeko.
Egiten ez diren herrietan otoitzaldi-bilkurak bultzatzea
Parte hartzeko modu hori Asis Sarea zabaldu eta beren herrietan hileroko otoitzaldi-bilkurak antolatu nahi dituzten lagunei eta lagun-taldeei zuzendua dago. Interesdunek e-maila bidal dezakete
Izen-ematea
Asis Sarean izena eman eta hilero Asisko Gutuna jaso nahi baduzu zure datu pertsonalak bidali
Gure zerrendetan ere izena eman dezakete, http://eepurl.com/dJ6iJQ helbidean dagoen formularioa betez.
Laguntza ekonomikoa
Asis Sarea haziz doa eta gastuak gora doaz. Hala ere, uste dugu oso gutxirekin nahikoa eskuratuko dugula.
Hau da Asis Sareko partaide guztioi egiten dizuegun proposamena: urtean 15 euroko ekarpena (1,25 euro hileko) egitea. Noski, kuota hau borondatezkoa da, eta borondatezko da orobat ekarpen handiagoa egitea, ahal denean. Eta ahal bada, laguntza handia izango da.
Honako hauek dira ekarpena egiteko bideak. Guri lehenengoa gertatzen zaigu onena eta errazena.
1.go aukera.
Emaguzu zeure kontuaren zenbakia, eta apirilean egingo dizugu hartze-agiria. Hori egin dezakezu:
- telefonoz: 646-214896;
- e-mailez:This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. ;
- fax-ez: 943-251003;
- postaz: Asis Sarea / Gandiaga topagunea / Arantzazu / 20567 Oñati.
2. aukera.
Zeuk egiten duzu diru-sarrera kontu-zenbaki honetan: ES18.0182.0326.15.0201525156. Kasu honetan ez ezazu ahaztu adieraztea “Asis Sarea”, zeure izena eta herria.