Asisko gutuna
2026ko abuztua
2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna
214. zenbakia
Download Asisko Gutuna 214
Asis Sarea eguneroko bizimoduan espiritualtasun frantziskotarra ezagutu edo partekatu nahi duten lagunen sare sozial irekia da.
Apaltasunaren bidean hainbat indar kontrajarrik egiten du topo; esaterako, morrontza eta errebeldia, edo harrotasuna eta kikiltzea. Apaltasunak, maiz, borroka itxura hartzen du.
Gogoetarako gaia
Borrokak
Adin bakoitzean erabat aldatzen da bizitza ikusteko eta sentitzeko modua. Sasoi bakoitzak bere begirada dakar, eta begirada horrek lehen ikusten ez genituen txokoak erakusten dizkigu: errealitate berriak, batzuk gaziak eta besteak gozoak, baina baita sakonagoak, lotura estuagokoak eta egiazkoagoak ere. Eta begiratzeko modu berri horri esker, geure burua eta ingurukoak ere beste begi batzuekin ikusten hasten gara.
Gure sinesmena, bizirik badago behintzat, gurekin batera aldatuz doa, une bakoitzean egokitzen zaigun bizitzara moldatuz. Umetan, Jesusekin dugun harremana magiko samarra dela esan genezake, mirari-zalea, fantasiari bide ematen diona. Gaztetan, ostera, Jesusen askatasunak eta bere garaiko agintarien aurrean erakutsitako ausardiak erakarriko gintuen gehienbat; Jainkoarekin eta lagun hurkoarekin harremanak berritzeko zuen gogo horrek, hain zuzen. Fedea helduz joan zaigun neurrian, beharbada beste ezaugarri batzuk indartu dira guregan: errukia, urrikaltasuna eta barne-sakonera. Eta urteetan gora egin ahala, funtsezkoagoak diren gauzei erreparatzen diegu: jakituriari, pazientziari, onarpenari...
Adin bakoitzeko bizipenek eta egoerek forma pertsonalagoa emango diote horri guztiari. Eta bide horretan, denetarik pasako dugu: zalantzak, indar-galerak, une ilunak eta, agian, sinesmena alde batera uztea ere bai. Horregatik, gure barne-bizitzak eta Jainkoarekiko harremanak etengabeko lana eskatzen digute: dena berriro pentsatu eta gureganatu behar dugu. Fedea ez baita gordetzen den zerbait, unean-unean bizi beharreko zerbait baizik. Bizitzaren martxa galtzen badugu, sinesmena herdoildu eta itzali egingo zaigu. Kanpoko itxurari eutsi arren, gure bihotzak ez du Jainkoaren erritmoan taupadarik egingo.
Hala, beti esan beharko diogu Jainkoari ebanjelioko gizon hark esan ziona: Sinesten dut, Jauna, baina lagundu nire sinesmena indartzen!
Ebanjelio pasartea: Lk 14,7-11
Ohartu zen Jesus gonbidatuek mahaiko lehen jarlekuak hartzen zituztela, eta aholku hauek eman zizkien: «Ezteietara gonbidatzen zaituztenean, ez jarri mahaiburuan, zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izan daiteke eta; hala balitz, biok gonbidatu zaituztenak etorri eta esango lizuke: “Utzi tokia honi”; orduan, azkeneko lekuan eseri beharko zenuke lotsa gorrian. Alderantziz, gonbidatzen zaituztenean, jarri azkeneko tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan diezazun: “Adiskide, igo gorago”. Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».
Frantziskotar espiritualtasuna
Zorionekoak bere burua hobetzat ez duen zerbitzaria jendeak handiesten eta goratzen duenean, kaskar, sinple eta mespretxagarritzat daukanean baino, zeren eta gizakia Jainkoaren aurrean zenbat den, hainbestexe da eta ez gehiago. (Ahol 19.1)
Zorionekoa, bestek egindako oharpena, salakuntza eta errieta norbere buruari egindakoa bezalako pazientziaz hartzen duen zerbitzaria! (Ahol 22,1)
Zorionekoa bere mendekoen artean, nagusien artean balego bezain apal ageri den zerbitzaria! (Ahol 23,1).
Otoitza
Zuk diozu: "Ni naiz piztuera eta bizia",
eta dena aldatzen da gure begien aurrean.
Zure eskuetan mundua berritu egiten da, Jauna.
Gure lur hau, gorrotoaren lekuko,
zure Erreinuko hazi bihurtzen da.
Bere ildoetan egiten duzu Zuk lana.
Gure poza, hain azkar igarotzen zaiguna,
betiko pozaren hazi bihurtzen da.
Haren argitik aterako duzu Zuk eguzkia.
Heriotzak jada ez du mugarik jartzen
bukaeran Zuk hasiera ereiten duzulako.
Bizitza eta heriotza borroka gogorrean.
Bizitzak irabazten du Zu berarekin zaudelako.
Eta guk zurekin irabazten dugu.
Gutuneko azken hitzak
“Apaltasuna norberaren gabeziez jabetzea da, baina horrek ez du esan nahi, inolaz ere, norberaren balioa ezagutzen ez denik.” Walter Riso (idazle italiarra)
2026ko abuztuko eguneroko Ebanjelioa
Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate erreferentzia guztiak:
1. Mt 14,1-12 / 2. Mt 14,13-21 / 3. Mt 14,22-36 / 4. Mt 15, 1-2. 10-14 / 5. Mt 15,21-28 / 6. Mt 17,1-9 / 7. Mt 16,24-28 / 8. Mt 17,14-20 / 9. Mt 14,22-23 / 10. Jn 12,24-26 / 11. Mt 18,1-5.10.12-14 / 12. Mt 18,15-20 / 13. Mt 18,21-19,1 / 14. Mt 19, 3-12 / 15. Lk 1,39-56 / 16. Mt 15,21-28 / 17. Mt 19, 16-22 / 18. Mt 19, 23-30 / 19. Mt 20,1-16a / 20. Mt 22, 1-14 / 21. Mt 22,34-40 / 22. Mt 23,1-12 / 23. Mt 16, 13-20 / 24. Jn 1,45-51 / 25. Mt 23,23-26 / 26. Mt 23,27-32 / 27. Mt 24,42-51 / 28. Mt 25,1-13 / 29. Mk 6, 17-29 / 30. Mt 16,21-27 / 31. Lk 4,16-30 /