2021ko otsaila 148. zenbakia
4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi
Anaiarteko harremanak harremanaren egian oinarritzen dira. Baina harreman horren moduetan ere bai. Beraz, harremana egiazkoa izateko benetakotasuna beharrezkoa bada, hura bizitzea errazten duten moduak ere zaindu behar dira denboran irautea nahi badute.
Gogoetarako gaia
Adeitasunez trata nazazu, faborez
Ez gara bizi harremanetan kortesia baloratzen den garaietan. Gaur egun, eraginkortasuna da nagusi, modu zorrotzean hitz egiteko era, batere loraldirik gabekoa. Gure arteko tratabidea zuzenean harira joanez egiten dugu. Horrela, ez gara formetan galtzen eta ez dugu estalkietan hainbeste energia galtzen, edukiari erreparatzen baitiogu. Ziur asko, ahalik eta ahaleginik txikienarekin ahalik eta emaitzarik handiena lortu nahi duen ekoizpen-bizimoduaren eraginpean gaude. Pixkanaka harreman modu hau giza harremanen beste esparru batzuetara zabaldu da.
Eta, hala ere, badira giza eremu batzuk, non eraginkortasuna bilatzen duen harreman mota hori ezinezkoa den, baizik eta doakotasuna, eskuzabaltasuna eskatzen den. Adibidez, senideen arteko harremanetan, familiakoetan, adiskideen artekoan, ez zaio onurari erreparatzen, tratuari berari baizik, harremana bera zainduko duen harremanari. Giza esparru horietan moduak, formak, estalkiak bai laguntzen dutela muinera iristen eta lantzen.
Zein garrantzitsua den pertsonak gizalegez tratatzea, adeitasunez gabeko karitatea garratza egiten baita. Anaiarteko harremanetan nolabaiteko arreta eta adeitasun minimoa ez izatea, harremanak izateko baldarkeria baten seinale da, edo, agian, anaiarekiko, arrebarekiko, nagusikeri eta mespretxuzko ekintza. Izan ere, gizalegea ez da apaingarri hutsa, maitasuna eta estimua lantzeko bide egokia baizik.
Adeitasuna, harreman barroko eta gogaikarria ez dena, lubrifikatzailea bezalakoa da, giza harremanak errazten dituena eta desberdintasunak hobeto eramaten laguntzen dituena, anaidiaren eremuan integrazio handiagoa lortzeko. Are gehiago; agian gai labainkorrenak ere naturaltasun handiagoz jorratu daitezke. Anaia, arreba, joka dezagun adeitasunez.
Bibliako pasartea: 1Tes 5,12-16
Senideok, elkarte-buru dituzuenei, zuen artean hainbeste lan egin eta zentzarazten zaituztetenei, begiramena izateko eskatzen dizuegu Jaunaren izenean. Adierazi beraiei onespen eta maitasunik handiena, egiten dutenarengatik. Bizi bakean elkarrekin. Otoi, senideok: zentzarazi zabar dabiltzanak, eman adore bihozgabetuei, eutsi ahulei, izan eroapen guztiekin. Ez itzuli inori gaitzik gaitz orde eta saia zaitezte beti elkarri eta denei ongi egiten. Zaudete beti pozik.
Frantziskotar espiritualtasuna
Beste batean, Frantzisko dohatsua leku hartan bertan zela, bazen han oso espirituala eta Ordenan zaharrenetakoa zen anaia bat, oso gaixo eta ahul zegoena. Egoera hartan ikusiz, Frantzisko harenganako gupidaz bete zen. Baina garai hartan anaiek, osasuntsuek zein gaixoek, pozik eta pazientziaz pobretasuna oparotasuna balitz bezala hartzen zuten eta beren gaixoaldietan ez zuten sendagairik erabiltzen, ez eta eskatzen ere; aitzitik, gorputzarentzat kaltegarri zirenak gogotsu egiten zituzten. Horregatik, honela esan zuen Frantziskok berekiko: «Anaia honek goizean goiz mahats heldua jango balu, on egingo liokeela uste dut». Eta hala, egun batean, goizean goiz isilean jaiki, anaia hura deitu eta elizaren ondoan zegoen mahastira eraman zuen. Aukeratu zuen mahats-mordo eder eta helduak zituen mahatsondo bat eta, honen ondoan anaiarekin eseriz, mahats-aleak jaten hasi zen, hura bakarrik jaten lotsa ez zedin. Eta jaten ari ziren bitartean, Jauna goretsi zuen anaia hark. Eta gero, bizi izan zen bitarte guztian, debozio handiz eta malko ugariz sarritan gogoratu zuen anaien artean Frantzisko santuak azaldu zion errukia. (PeLe 53).
Otoitza
Nigana iritsi zinen, apalki eta diskretuki,
zure adiskidetasuna eskaintzeko.
Zure mailara igo ninduzun, Zu nirera jaitsiz,
eta etxekoen arteko tratua nahian,
erabat utzi zinen.
Gure adiskidetasuna emankorra eta ugaria nahi duzu
niretzat eta besteentzat.
Jainkoa, gizakion laguna,
Kreaturon sortzaile laguna,
bekatarion lagun santua
Zu zara lagun ideala,
bere leialtasunean inoiz huts egiten ez duena
eta inoiz bere buruari uko egiten ez diona.
Sekulako adiskidantza honi,
Zuk espero eta merezi bezala erantzun nahi nuke
eta beti zure lagun gisa jokatuz. Amen.
(Ignacio Larrañaga)
Gutuneko azken hitzak
Zaila da esatea zenbat uztartzen dituen giza gogoak gizalegez eta adeitasunez hitz egiteak. Cicerón (106 Ka-43 Ko)
2021ko otsaileko eguneroko Ebanjelioa
Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate otsaileko erreferentzia guztiak:
1 Mk 5,1-20 / 2 Lk 2, 22-40 / 3 Mk 6,1-6 / 4 Mk 6, 7-13 / 5 Mk 6,14-29 / 6 Mk 6, 30-34 / 7 Mk 1,29-39 / 8 Mk 6, 53-56 / 9 Mk 7, 1-13 / 10 Mk 7, 14 23 / 11 Mk 7, 24-30 / 12 Mk 7,31-37 / 13 Mk 8, 1-10 / 14 Mk 1,40-45 / 15 Mk 8, 11-13 / 16 Mk 8,14-21 / 17 Mt 6, 1-6.16-18 / 18 Lk 9, 22-25 / 19 Mt 9, 14-15 / 20 Lk 5, 27-3 / 21 Mk 1, 12-15 / 22 Mt 16,13-19 / 23 Mt 6,7-15 / 24 Lk 11, 29-32 / 25 Mt 7,7-12 / 26 Mt 5,20-26 / 27 Mt 5,43-48 / 28 Mk 9,2-10
Otsaileko otoitza hilaren 25ean izango da.