Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2017ko urria  108. zenbakia

4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi

San Frantziskok senide bezala, izaki ororekin anaia eta arreba bezala bizitzera gonbidatzen gaitu, guztiok Jainko beraren sorkuntza baikara. Horrexek elkartzen gaitu, batzen gaitu. Beraz, elkartea gure gune naturala dugu, harremaneko izaki baikara.
Pertsonaren balioa bere harremanetan jartzeko ahalmenean koka genezake, bere baitan ez ezkutatu baizik eta bestearen ongizateaz arduratzean; azken finean, bere maitatzeko gogoan.

 

Gogoetarako gaia

Onbihurtzeko tokirik onena

Giza komunitate hurbilenekoetan (anaidia, senar-emazteak, familia) ematen da eta egiaztatzen pertsonaren onbihurtzea. Bertan ematen da proba-bankurik onena ikusteko, ea norberarengan ematen diren aldaketak, edo geroan espero daitezkeenak, egiazkoak diren ala desirazko ilusio hutsak. Harreman hurbilak dira, bihotzean daramagun egia frogatzeko barruti.

Besteek ateratzen gaituzte geure baitatik, gaindiarazten dizkigute geure mugak, probarazten dituzte onartzeko, barkatzeko, jasateko ... ditugun gaitasunak. Azken batean besteek ikasarazten digute geure desiratatik at maitatzen. Horiengan egiaztatzen dugu zer nolako pertsona garen, nolako harremanak ditugun, haietan onartzen baititugu benetan garenaren handitasunak eta miseriak.

Anaiartean, ezkontzan, familian bizitzea konbertsio-prozesu amaigabea da. Batak bestea konbertituz goaz, geure harremanak etengabe eraikiz, zeren eta bizitzak ez baitu geldiunerik eta gu geu ere aldatuz baikoaz. Frankotan ez da egiteko erraza, ez eta berehalako pozbideen iturri ere. Eta, hala ere, leku horretan gara gehien gu geu, eskatzen zaigu gehien eta ematen dugu ondoen geure burua; eta batez ere lortzen dugu sakontasunik eta garaierarik handiena.

Senide izateko abentura hau ez dago giza ahalaren neurrian, planifikatu eta kontrolatu dezakegunean; fedearen, itxaropenaren eta maitasunaren ahalean dago. Hau dugu lekurik onena konbertsiorako. Pentsatu ere egin ote dezakegu, zein senidetasunera deitzen gaituen Jesusek, esaten duenean Aita beraren seme-alabak garela, eta senide geure artean? Norbaitek zioen bezala: “Jakin nahi duzu non zauden zeure bizitza espiritualean? Begira iezaiezu zure harreman pertsonalen kalitateari. Hortxe duzu, okerrik gabe, zeure barne bizitzaren barometroa.

Bibliako pasartea: St 2, 1-9

Ene senideok, ezin elkartuak dira Jesu Kristo gure Jaun aintzatsuagan duzuen fedea eta pertsonen artean bereizkeria egitea. Eman dezagun, esate baterako, zuen batzarrean bi gizon sartzen direla, bata aberatsa, urrezko eraztunez eta dotore jantzia, eta bestea pobrea, zarpail jantzia; eta dotore jantzitakoari sekulako begiramenez esaten diozuela: «Zatoz, jar zaitez hemen, ohorezko tokian»; pobreari, berriz: «Hago hi hor zutik», edo: «Jar hadi lurrean, nire oinazpikoaren ondoan»; horrela jokatuz, ez al zarete zeuen artean bereizkeriak egiten ari, eta ez al duzue irizpide okerrez epaitzen? Adizue, nire senide maiteok: Ez ote ditu hautatu Jainkoak munduaren begitan pobre direnak, sinesmenez aberats izateko eta bera maite dutenei agindutako erreinua ondaretzat jasotzeko? Liburu Santuaren arabera, hauxe da lege nagusia: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala; eta hori benetan betetzen baduzue, ondo baino hobeto. Baina pertsonen artean bereizkeriarik egiten baduzue, bekatu egiten duzue.

Frantziskotar espiritualtasuna

Beste batean, Frantzisko dohatsua leku hartan bertan zela, bazen han oso espirituala eta Ordenan zaharrenetakoa zen anaia bat, oso gaixo eta ahul zegoena. Egoera hartan ikusiz, Frantzisko harenganako gupidaz bete zen. Baina garai hartan anaiek, osasuntsuek zein gaixoek, pozik eta pazientziaz pobretasuna oparotasuna balitz bezala hartzen zuten eta beren gaixoaldietan ez zuten sendagairik erabiltzen, ez eta eskatzen ere; aitzitik, gorputzarentzat kaltegarri zirenak gogotsu egiten zituzten. Horregatik, honela esan zuen Frantziskok berekiko: «Anaia honek goizean goiz mahats heldua jango balu, on egingo liokeela uste dut».

Eta hala, egun batean, goizean goiz isilean jaiki, anaia hura deitu eta elizaren ondoan zegoen mahastira eraman zuen. Aukeratu zuen mahats-mordo eder eta helduak zituen mahatsondo bat eta, honen ondoan anaiarekin eseriz, mahats-aleak jaten hasi zen, hura bakarrik jaten lotsa ez zedin. Eta jaten ari ziren bitartean, Jauna goretsi zuen anaia hark. Eta gero, bizi izan zen bitarte guztian, debozio handiz eta malko ugariz sarritan gogoratu zuen anaien artean Frantzisko santuak azaldu zion errukia (PerLe 53).

Otoitza

Guztiz ederra eta gizalegezkoa da partekatzea,
dena eskuzabalez eta maiteki elkarrekin jartzea;
suaren epelik gabe urruti bizi denarekin
suaren garra maitez gozatzea.

Senide duzun gizakiarekin zeure janzkiak
eta ogi berri beroa partekatzea;
zeure adiskidetasuna alaiki ematea,
denek baitute zure eskutik ibiltzeko premia.

Besteak senti daitezela poz gehiagoz!,
esku lagun bat beti izateak
bultzada handia ematen baitu.

Badakizu nork agindu zuen arreta izatea
sufrimenean eta nekean den behartsuarekin?
Maisu hilezkor batek! Jainko gizon eginak!

Maria Teresa de la Inmaculada Reyero

Gutuneko azken hitzak

“Esan dezagun elkarrekin bihotzez: familiarik ez etxebizitzarik gabe, baserritarrik ez lurrik gabe, langilerik ez eskubiderik gabe, herririk ez subiranotasunik gabe, inolako pertsonarik ez duintasunik gabe, haurtzarorik gabeko umerik ez, aukerarik gabeko gazterik ez, zahartzaro duinik gabeko agurerik ez.” (Frantzisko Aita Santua)

2017ko urriko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate urriko erreferentzia guztiak:

1 Mt 21, 28-32 / 2 Mt 18, 1-5.10 / 3 Lk 9, 51-56 / 4 Lk 9, 57-62 / 5 Mt 7, 7-11 / 6 Lk 10, 13-16 / 7 Lk 10, 17-24 / 8 Mt 21, 33-43 / 9 Lk 10, 25-37 / 10 Lk 10, 38-42 / 11 Lk 11, 1-4 / 12 Lk 11, 27-28 / 13 Lk 11,15-26 / 14 Lk 11,27-28 / 15 Mt 22,1-14 / 16 Lk 11, 29-32 / 17 Lk 11,37-41 / 18 Lk 10, 1-9 / 19 Lk 11, 47-54 / 20 Lk 12,1-7 / 21 Lk 12, 8-12 / 22 Mt 22,15-21 / 23 Lk 12, 13-21 / 24 Lk 12, 35-38 / 25 Lk 12,39-48 / 26 Lk 12,49-53 / 27 Lk 12,54-59 / 28 Lk 6,12-19 / 29 Mt 22,34-40 / 30 Lk 13, 10-17 / 31 Lk 13, 18-21


Urrian elkarrekin ospatuko dugun otoitza 26an izango da 19:30tan