Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2017ko maiatza  103. zenbakia

3. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

“Ez da ezer zaharragorik atzoko egunkaria baino”. Esaldi honek primeran jasotzen du gure berri nahia. Baina badira bai jaso eta botatzen ez ditugun berriak, sakonago iristen zaizkigulako. Hor konturatzen gara axola zaizkigun kontuak ez direla kontuak, baizik pertsonak.

Gogoetarako gaia

Egiaren bila

Gizadiaren historian sekula ez da hain handia izan egungo gertaerak ezagutzeko ahalbidea. Sekula ez gara orain bezain berehala informatuak egon; eta dena informazio-bideei esker: irratia, telebista, prentsa, interneta... Ia dena gertatu ahala eta zuzenenean eskaintzen zaigu. Geure ustez gero eta gehiago ezagutzen dugu mundua, bertan bizi direnak eta bertan gertatua. Eta aldi berean, sekula ez da gaur bezalako indarrez sentitu, manipulatu egiten digutela errealitatearen pertzepzioa. Hainbeste berri dago, hainbeste iritzi, hainbeste premia... Argitaratzen ez denak ez du existentziarik. Eta horrez gain seriotasun eta hunkiberatasun berberaz eskaintzen zaizkigu gertaerarik hutsalenak etab milioika gizakiren errealitaterik gizagabeenak. Ez dakigu zeri heldu.

Guk geuk erabakitzen dugu neurri batean egoera honetan daukagun lekua, eta geurea da gure begirada ahal bezain doituena izateko erantzukizuna. Horrek eskatzen digu errealitatearen bilaketa eta bereizkuntza, begirada kritikoa informazioari, iritziei, entzuten eta esaten ditugun hitzei. Munduarekiko eta beste gizakiekiko solidaritateak egia bilatzeko gogoa behar du, ekitatearen eta justiziaren arrastoari etengabe jarraitzea. Bilaketa hori gu geuregan ere egiten dugu, ahal den neurrian geure begiratzeko modua, balioztatzekoa eta jokatzekoa argituz. Jabetzen gara horretarako ditugun mugatasun handiez, baina bizi-jarrera horrek egia gehiagoz hurbilduko gaitu pertsona eta egoeratara, prest egote handiagoz errealitatea bere konplexutasunean onartzeko, eta dituen aberastasun eta miseriak aurkitzeko.

Jainkoak bultzatzen gaitu horretara gure garaiko gizon-emakumeen onerako eta zuzenbiderako. Jesusek jakin zuen begiratzen eta ikusten giza bihotzean zegoena eta bizitzea suertatu zitzaizkion gorabehera zehatzetan jokoan zegoena. Frantziskok, Jesusen jarraipenean, ez zion utzi errealitateari, bere konplexutasunean, begiratzeari, eta Ebanjelioa bere osoan bizitu zuen errealitate horretan.

Ebanjelioko pasartea: Lk 11,33-36

«Inork ez du kriseilua pizten eta ezkutuan edo ontzipean ipintzen, argimutilaren gainean baizik, sartzen direnek argia ikus dezaten. Begia duzu gorputzari argi egiten dion kriseilua. Begia onik duzunean, zure gorputz osoa ere argitan dabil. Begia gaixo duzunean, ordea, zure gorputz osoa ere ilunpetan dabil. Begira, bada, zure barruan argi behar lukeena ez dadin ilun gerta. Beraz, goitik beheraino argitan bazaude, inongo ilunperik gabe, kriseiluak bere distiraz argitzen zaituenean bezala zara argitsu».

Frantziskotar espiritualtasuna

Zorionekoa bere burua hobetzat ez duen zerbitzaria jendeak handiesten eta goratzen duenean, kaskar, sinple eta mespretxagarritzat daukanean baino, zeren eta gizakia Jainkoaren aurrean zenbat den, hainbestexe da eta ez gehiago. Zoritxarrekoa, besteek goian jarri dutelarik, bere gogoz jaitsi nahi ez duen erlijiosoa! Zorionekoa, berriz, bere gogoz kontra goian jarri dutelarik, beti besteen oinetan egon nahi duen zerbitzaria! (Ahol 19)

Frantziskorentzat Jainkoa da norberaren egiaren erreferentzia-puntua: Jainkoaren aurrean zenbat den, hainbestexe da eta ez gehiago. Ikuspuntu honetatik askatasun handia lortzen du. Neurekiko egiak ez du zerikusirik besteen losintxa eta kritikekin, zeintzuen biktima erraz izatera sarriro gatozen. Ez du ere zerikusirik nork bere burua perfektutzat nahiz debaluatutzat jotzeko premiekin, zeintzuen atzean ezkutatzen, babesten eta hainbat gezurretan sartzen garelarik.

Jainkoaren aurrean zenbat garen, hainbestexe gara eta ez gehiago”, eta hortxe kokatzen gara lekurik onenean, toki apropos eta egokian, besteari begiratzeko ere, berorren egia nik berarekiko pentsatzen edo sentitzen dudan baino handiagoa delarik. Haren egiarik sakonena Jainko Aita errukitsuaren bihotzean dago.

Otoitza

Jesus, Zu zara...
Hitza, aldarrikatua izateko,
egia, esana izateko,
argia, piztua izateko,
bizia, bizitua izateko
maitasuna maitatua izateko.

Jesus, Zu zara...
poza, elkarrekin banatzeko,
bakea, emana izateko,
biziaren ogia, jana izateko.

Jesus, Zu zara...
goserik dagoena, elikatua izateko,
egarri dagoena, asea izateko,
biluzik dagoena, jantzia izateko
etxerik gabea, jasoa izateko,
bakarrik dagoena, maitatua izateko.
mesprezatua, onartua izateko.

Kalkutako santa Teresa

Gutuneko azken hitzak

“Azken berriak jakin nahi ditudanean, San Paulo irakurtzen dut.” (Leon Bloy)

2017ko maiatzeko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate maiatzeko erreferentzia guztiak:

1 Jn 6, 22-29 / 2 Jn 6, 30-35 / 3 Jn 14, 6-14 / 4 Jn 6,44-51 / 5 Jn 6,52-59 / 6 Jn 6, 60-69 / 7 Jn 10, 1-10 / 8 Jn 10, 11-18 / 9 Jn 10,22-30 / 10 Jn 12, 44-50 / 11 Jn 13, 16-20 / 12 Jn 14, 1-6 / 13 Jn 14,7-14 / 14 Jn 14,1-12 / 15 Jn 14, 21-26 / 16 Jn 14, 27-31a / 17 Jn 15, 1-8 / 18 Jn 15, 9-11 / 19 Jn 15, 12-17 / 20 Jn 15, 18-21 / 21 Jn 14, 15-21 / 22 Jn 15, 26-16, 4a / 23 Jn 16, 5-11 / 24 Jn 16,12-15 / 25 Jn 16,16-20 / 26 Jn 16, 20-23a / 27 Jn 16, 23b-28 / 28 Mt, 28, 16-20 / 29 Jn 16, 29-33 / 30.Jn 17, 1-11a / 31 Lk 1, 39-56


Maiatzeko otoitza 25an izango da



Asisko Frantzisko eta Klara bizi izan ziren lekuak gogoeta eta otoitz eginez ezagutzea eskaintzen dizugu.
Bilaketa, atsedena... edo beste era bateko nekea bizitzeko aukera izan dezakezu.
ASISERA GOAZ 2017ko UZTAILAREN 1etik 8ra.
Interesa baduzu, esaguzu: 615-785328 Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.