Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2017ko otsaila  100. zenbakia

4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi

“Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi” dio laugarren printzipio honen goiburuak. Baina ondotxo dakigu elkarrekin bidea egite hori laguntza aparta eta ezinbestekoa dugun arren zenbaitzuetan aldapatsua egiten zaigula. Zenbaitetan bakardadeak tentatzen gaitu, bestea ezin jasanik.
Inoiz bururatu zaigu zenbat jasaten gaituen Jaunak?

Gogoetarako gaia

Bestea zama bihurtzen zaigunean

Elkarbizitzak lausotu egiten du bizi ditugun hainbat gauzaren distira. Badirudi elkartu gaituen maitasunaren indarra gutxitu egiten dela, senidetasunaren lehen indarrak behera doazela, hasieran betetzen gintuen adiskidetasuna, orain, aldapatsu gertatzen zaigula... Bestea zama bihurtzen zaigu. Agian ez da izan konponduezin edo frustrazio handirik, baina hasiera batean neketsu ez ziren gauzak, eta bestearengan zuritzen eta eskuzabaltasunez onartzen zirenak, orain pisu handi gertatzen dira.

Zer egin? Berriro ere ahaleginak egingo al ditugu, geure boluntarismoari puska bat eraginez, edo bestela konformatu egingo al gara erdipurdiko bizikidetza batean, berorretan barru barruan amore ematen dugularik, harremanean dugun ilusio- eta gogo-faltaren errudun bestea eginez? Eta kexak alderdi objektiboak ditu: nire eta bestearen muga moral eta psikologikoak, izaera ezberdinak, ohitura finkatuak...
Pausoak emanez joan beharko da, gure frustrazio txiki eta handiak hitzez adieraziz –kexa ez da ez-sanoa moralizatu gabe egiten bada–, elkarbizitza errazten duten medioak jarriz, partekaturiko erantzukizunak berregokituz... Hori dena eta gehiago egin beharko da. Ez gara aingeruak eta elkarbizitza bidezko eta orekatu batean lan egin behar da. Baina horrekin guztiarekin batera, beti besteen zama neure egiten joan beharko dut egunez egun, bizitza arruntean.

Besteen zama hartze honek adierazten du, gure maitasuna ez dela emozioak ase-bila dabilen nerabe-idealizazio bat, baizik eta helduz doan bizitza baten fruitua, norbere buruaz ahaztuz eta bizitza betez. Eta hau izango da emaitza: norberarentzat eta besteentzat bizi gehiago.

Bibliako pasartea: Is 52,13-53,5

Nire zerbitzariak arrakasta lortuko du, goratua, gorengo mailan jarria izango da. asko eta asko ikaratu ziren hartaz, hain baitzegoen itxuragabetua, giza antzik ere gabe, gizaki ez zirudiela... Mespretxatua zen, eta jendeak baztertua, oinaze-gizona, sufritzen ikasia. Ikusteak ere nazka ematen duen norbait bezalaxe, mespretxatu egin genuen, eta aintzakotzat hartu ez. Baina gure gaitzak hartu zituen bere gain, gure oinazeen zama jasan. Guk, berriz, Jainkoak zauritu zuela uste genuen, Jainkoak zigortu eta atsekabetu zuela. Baina gure errebeldiengatik zulatu zuten, gure erruengatik birrindu; berak jasan zuen guretzat salbagarri izango zen zigorra: haren zauriek sendatu gintuzten.

Frantziskotar espiritualtasuna

“Eta anaien artean, dauden tokian daudela, norbaitek giza grinen arabera jokatu nahiko balu eta ez Espirituaren arabera, berarekin bizi diren anaiek ohartaraz, ikasaraz eta zentza bezate apalki eta maitekiro. Eta hiru aldiz ohartarazi ondoren zentzatu nahi ez badu, bidal biezaiote edo jakinarazi lehenbailehen bere ministro eta morroiari, eta ministro eta morroiak joka beza harekin Jainkoaren arabera gehien komeni dela irudituko zaion moduan.

Eta gorde bitez anaia guztiak, ministro eta morroiak nahiz besteak, anaiaren bekatua edo gaizki egina dela-eta asaldatu edo haserretzetik, bat bakarraren hobenaz asko hondatu nahi baititu deabruak; baizik eta bekatu egin duenari lagun biezaiote espiritualki, ahal duten ongien, ez baitute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik”.

Elkarbizitzan ikasten dugu benetako maitasuna, elkar ahal dugun ongien onartuz eta lagunduz. Eta Jesusen hitz hauetan oinarritzen gara, “ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik”; eta Hura bidelagun dugula, gure gogoa da esker onak leku eta indar gehiago edukitzea geure harremanetan, kexak baino.

Otoitza

Denok anai-arreba sentituko bagina.
(Izan ere gizaki baten odola, ez al da berdina beste odol batekin?)
Geure arima irekiko balitz. (Ez al da berdina beste arimekin?)
Apalak bagina. (Gauzen pisuak ez al du giza garaiera berdintzen?)
Maitasunak bizkarrez bizkar jarriko bagintu,
nekez neke
eta malkoz malko.
Bat egingo bagenu.
Batzuk besteekin.
Batzuk besteen ondoan.
Suaren eta elurraren gainetik,
are urrea eta ezpata baino haratago.
Pitzadurarik gabeko blokea egingo bagenu
taupadaka ari zaizkigun
zazpi mila milioi bihotz gorrirekin.
Oinak geure lurrean sartuko bagenitu,
eta begiak irekiko, bekokia baretuz,
eta ukabilez eta bizkarrez gogor bultzatuko bagenu,
zein arkitektura ederra altxatuko litzatekeen buztinetik.

Angela Figuera Aymerich

Gutuneko azken hitzak

“Maitatzea ez da soilik nahi izatea, baizik –eta batez ere-, ulertzea.”. (Françoise Sagan)

2017ko otsaileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate otsaileko erreferentzia guztiak:

1 Mk 6, 1-6 / 2 Lk 2,22-32 / 3.Mk 6, 14-29 / 4 Mk 6, 30-34 / 5 Mt 5,13-16 / 6 Mk 6, 53-56 / 7 Mk 7, 1-13 / 8 Mk 7, 14 23 / 9 Mk 7, 24-30 / 10 Mk 7,31-37 / 11 Mk 8, 1-10 / 12 Mt 5,20-22.27-28.33-37 / 13 Mk 8, 11-13 / 14 Lk 10, 1-9 / 15 Mk 8, 22-26 / 16 Mk 8,27-33 / 17 Mk 8, 34-9,1 / 18 Mk 9, 2-13 / 19 Mt 5, 38-48 / 20 Mk 9, 14-29 / 21 Mk 9, 30-37 / 22 Mt 16,13-19 / 23 Mk 9, 41-50 / 24 Mk 10,1-12 / 25 Mk 10, 13-16 / 26 Mt 56, 24-34 / 27 Mk 10, 17-27 / 28 Mk 10, 28-31


Otsailean elkarrekin ospatuko dugun otoitza 23an izango da 19:30tan



Asisko Frantzisko eta Klara bizi izan ziren lekuak gogoeta eta otoitz eginez ezagutzea eskaintzen dizugu.
Bilaketa, atsedena... edo beste era bateko nekea bizitzeko aukera izan dezakezu.
ASISERA GOAZ 2017ko UZTAILAREN 1etik 8ra.
Interesa baduzu, esaguzu: 615-785328 Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.