Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2016ko urria  96. zenbakia

4. printzipioa. Bidea elkarrekin egin, anaitasunez bizi

Anaitasuna, senidetasuna, zenbaitzuetan zaila gertatzen dela badakigu bai. Baina nork ez du berea balitz bezala bizi izan maite duen senidearen ezina edo mina? Nork ez du bizi izan uneren batean bestearen lekuan jarri nahia beste hori bere zulo beltzetik ateratzeko?

Horrelaxe maite gaitu Jaunak, bereaz hustuz, bereaz ahaztuz, gu zulo beltzetik ateratzeko; gugatik hilez maite gaitu, gu heriotzatik askatzeko, biziarazteko, senidetasunean biziarazteko.

Gogoetarako gaia

Ulertzen zaitut, anaia/arreba

Senide izatea ez da inoiz arrosadi bat. Ematen dira elkar-aurkitze eta harmoniazko aldiak, baina zailtasunekin ere aurkitzen gara, eta hauek behin baino gehiagotan kolokan jartzen dute senide-harremana bideratu ahal izatea: ideia- eta belaunaldi-desadostasunak, ustekabeko erreakzioak, banantze afektiboak...

Orduan ezin baztertua gertatzen da harreman horiek argitzea, berrosatzea, indartzea, mimatzea. Baina horretarako beharrezkoa da, senide-harremanak errazten dituzten medio egokiekin batera, pertsonaren barne-prozesu bat ere. Urratsak eman behar dira anaia/arreba konprenitzeko gai izate horretan, harekiko harremana zein egoeratan dagoen kontuan hartzetik at. Beharrezko da beste pertsonaren lekuan jartzen saiatzea, hark nire proiektu eta asmoei men egiten ez badie ere. Bestea estimatzeko gai izatea da hori, haren miseriak gorabehera; pertsona horri balioa ematea lorpenen gainetik. Bestearen azalean sartzeko gai izatea: zer sentituko, pentsatuko eta egingo nuke nik, nire historia, jitea, indarrak, mugak harenak balira?

Horrela zera lortuko litzateke: anaia/arreba nigandik babestu beharrean ez aurkitzea nire salaketa eta akusazioen aurrean. Eta hori, hura salatu eta akusatu beharrik ere ez daukadalako. Horrek ez du kentzen badaudela, agian, aldatu, hizketatu, argitu beharreko arazo objektiboak. Baina pertsona onik ateratzen da.

Urratsez urrats gauza izatera etorriko gara senidea maitatzeko, ez ni naizela-eta, baizik eta nitaz errukia izan duen Hura dela-eta; Jainkoaren graziatik gatoz hura maitatzera. Soilik orduan esan ahalko dugu egiaz: anaia, arreba, ulertzen zaitut zeure barru-barrutik.

Ebanjelioko pasartea: Mt 7, 1-8

«Ez gaitzetsi inor, Jainkoak ere ez zaitzaten gaitzets; izan ere, zuek besteak nola epaitu, hala epaituko zaituzte Jainkoak, eta zuek zein neurriz neurtu, neurri beraz neurtuko zaituzte Jainkoak. Nola ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko hagaz ohartzen ez? Eta nola esan diezaiokezu senideari: “Utzi begian duzun lasto-izpia ateratzen”, zuk zeurean haga duzula? Itxurazale hori! Kendu lehenengo zeure begitik haga, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko.

Frantziskotar espiritualtasuna

«Anaiaren batek, etsaiak zirikaturik, bekatu larria egiten badu, obedientziaz behartua bego goardianoagana jotzera. Eta haren bekatuaren berri dakiten anaiek ez bezate lotsaraz, ez hartaz gaizki esan, baizik eta erruki handia izan biezaiote eta beren anaiaren bekatua isil-isilean gorde bezate, zeren ez baitute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik. Era berean, anaiok obedientziaz behartuak bitez hura bere kustodioagana bidaltzera lagun batekin. Eta kustodioak trata beza errukiz, horrelako egoera batean berak tratatua izatea nahiko lukeen bezala.»

Frantziskok, anaia ulertzeko, ebanjelioko hitzetara jotzen du. Frankotan gaixoak gara eta sendagilearen, erruki eta gupidaren, premia dugu, sendatu eta aurrera egin ahal izateko. Beste batzuetan anaia/arreba izatera gonbidatuak gara, gupida handiz besteari lagun egitera. Norberaren ahulezia kontuan hartzeak anaia/arreba ahula ulertzera hurbiltzen gaitu. Jesusen hitzari “gaixoek behar dute sendagilea” oihartzun egiten uzteak gogorarazten digu, hori dela Jaunak eskuetan jartzen digun misioa. Antzeko egoeran bageunde guri egitea nahiko genukeena, guk egitea.

Otoitza

Jesu Kristo Jauna,
batasun-zutabe
eta senidetasunaren errege.
Bidal iezaguzu goizero
zure espirituaren haize-bolada bat.
Eraitsi itzazu harresi bereizleak,
egoismoak, urguilu eta handiusteak eraikiak.
Aldendu gure etxetik
liskarrak sortzen dituzten inbidiak.
Libra gaitzazu inhibizioetatik.
Lasai itzazu gure ezinegonak
eta bete gaitzazu baretasunez.

Geure barru-barruan sorraraz itzazu
korronte sentibera eta sutsuak,
elkarri barkamena eta ulermena
eman diezaiogun,
elkar suspertu eta ospa dezagun
ama beraren seme-alaba bezala.

Kendu gure bidetik
etsaigo eta ezinikusiak,
hautsi blokeoak,
elkarrekin irekiak eta leialak,
egiazaleak eta egiatiak izan gaitezen.

Haz bedi gure konfiantza
zuhaitz hostotsu bezala,
haren itzalean zoriontsu senti gaitezen.
Eta horrela, Zu, Jesus, gure artean
bizirik zaudenaren argudio
ukigai eta profetiko izango gara
munduaren aurrean. Amen.

Ignacio Larrañaga

Gutuneko azken hitzak

“Abiadura biziko koheteetan hurbiltzen gara zerura, eta ez dugu gure eskua hurbiltzen giza senidetasunean.” (Pablo Neruda)

2016ko urriko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate urriko erreferentzia guztiak:

1 Lk 10, 17-24 / 2 Lk 17, 5-10 / 3 Lk 10, 25-37 / 4 Mt 11, 25-30 / 5 Mt 7, 7-11 / 6 Lk 11, 5-13 / 7 Lk 11,15-26 / 8 Lk 11,27-28 / 9 Lk 17, 11-19 / 10 Lk 11, 29-32 / 11 Lk 11,37-41 / 12 Lk 11, 27-28 / 13 Lk 11, 47-54 / 14 Lk 12,1-7 / 15 Mt 11,25-30 / 16 Lk 18, 1-8 / 17 Lk 12, 13-21 / 18 Lk 10, 1-9 / 19 Lk 12,39-48 / 20 Lk 12,49-53 / 21 Lk 12,54-59 / 22 Lk 13,1-9 / 23 Lk 18, 9-14 / 24 Lk 13, 10-17 / 25 Lk 13, 18-21 / 26 Lk 13, 22-30 / 27 Lk 13, 31-35 / 28 Lk 6,12-19 / 29 Lk 14, 1.7-11 / 30 Lk 19, 1-10 / 31 Lk 14, 12-14


Iraileko otoitza 27an izango da, 19:30tan