Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2016ko abuztua  94. zenbakia

2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna

Jainkoarekin harremana lantzean sarri desioak jaten gaitu. Eta horregatik presa izaten dugu harreman horretan aurrera egiteko. Eta harremanak guk imajinatutako fruiturik eman ezean, etsi egiten dugu. Ez dugulako gugan halako aldaketarik nabari, edo betiko kontu gaindi ezinetan erortzen jarraitzen dugulako. Ezinbestekoa dugu Jainkoaren erritmora egokitzea, ezinbestekoa egunerokoa konfiantzaz eta pazientziaz apalki bizitzea.

Gogoetarako gaia

Egunerokoaren distira

Bizi ditugun gauza gehienak egunerokoan, arrunt den hartan, bizi ditugu. Errealitate hau onartzea ez zaigu erraz egiten; izan ere, beste gauzen artean, gure gizarte-giroak erreferentzia nerabezaroan dauka, beraz emozioz indartsu den hartan, eta horregatik iragankorrean: “bizi sentsazio berriak!”. Baina aspaldi joan zitzaizkigun nerabe-garaiak, edozein gauzaren atzetik bizi ginenekoak, berria izanez gero: harremanak, lekuak, kantuak, esperientziak...

Bizitza zehatz eta erreala egunerokoaz, gauza arruntez, osatua dago. Egunak bata bestearen antzekoak dira, aurpegi berberekin aurkitzen gara, egiten duguna mekanikoki egiten dugu, lehen motibazioak aspaldi galdu zuten indarra... Une batean, ustekabean, errutinan bildua ikusten dugu geure burua, bizitza grisa eramanez, automatikoki funtzionatuz...

Egunerokoaren distira aurkitzea da, hain zuzen, bizitzako ikasbiderik handienetakoa. Prozesu misteriotsu batean, hain justu, desmotibatzaile eta bizitzeko neketsu gertatzen zitzaiguna modurik errealena izaten hasten da bizitzeko, zehatz dena maitatzeko, egian bizitzeko. Egunerokoa da modurik errealena garen eta daukagun onena izateko. Pertsona zehatzak dira, beren alde on eta miseriekin, maite ditugunak, eta maite gaituztenak eta gurekin bizi direnak. Gehienetan errutinazko lana da, hain zuzen, norbere garapen-leku. Jada gainditu ezin ditudan zailtasunak dira, hain justu, neure libertatea landu ahal izateko mediorik egokiena. Era horretan arrunt dena bihurtzen da, gauzen eta pertsonen zuri-beltzen artean, “humusik” onena nire bizitza zehatza garatzeko.

Jainkoa haragi egin dela esaten dugunean, xume eta gris egin dela esan nahi dugu. Soilik horrela izan daiteke erreala haren presentzia gure bizitzatan. Horrela, soilik arrunt den horretan, egiten du distira haren argiak gure iluntasunean.

Ebanjelioko pasartea: Mk 6, 1-6

Handik alde egin eta bere herrira joan zen Jesus, bere ikasleak ondoren zituela. Hurrengo larunbatean, sinagogan irakasten hasi zen. Entzule askok honela zioen harriturik: «Nondik honek hori guztia? Zer da eman zaion jakinduria hori? Eta honen eskuz gertatzen diren mirari horiek? Ez al da, bada, arotza, Mariaren semea eta Santiago, Jose, Judas eta Simonen anaia? Eta honen arrebak ere ez ote dira hemen gure artean bizi?» Eta honengatik, ezin zuten sinetsi harengan. Jesusek esan zien: «Profeta bati edonon ematen zaio ohore, bere herri, senitarte eta etxean izan ezik». Eta ezin izan zuen han miraririk egin; hala ere, gaixo bakar batzuk sendatu zituen eskuak ezarriz. Eta harriturik zegoen haien sinesmenik ezaz.

Frantziskotar espiritualtasuna

“Pobretasun txit santuaren jarraitzaile” gisa, ez zeukaten ezer, ez zeuden ezeri lotuak, eta, beraz, ez ziren ezer galtzeko beldur. Pozik ziren tunika bakar batekin, inoiz barrutik eta kanpotik adabatua, eta batere landu gabea... Edozein lekutan seguru bizi ziren; beldur eta ardura guztietatik libre; inolako kezkarik gabe itxaroten zuten hurrengo eguna.

Egunez, lanean zekitenek beren eskuez egiten zuten lan, legendunen etxeetan edo beste leku egokietan, guztiei apalki eta begirunez zerbitzu eginez. Ez zuten eskandalu-bide izan zitekeen lanbiderik onartzen, baizik eta eginbide santu, zuzen, onest eta onuragarrietan jarduten zuten, beraiekin harremanak zituzten guztiei pazientzia eta apaltasun etsenplua emanez.

Horrelako bizimoduan, baketsu eta otzan ziren guztiekin; garbi eta baketsu ziren jokabide guztietan, eskandalu oro arretaz baztertuz. Bekaizkeria eta maltzurkeriak, gorroto eta irainak, susmo txar eta erresuminak, ez zuten haiengan lekurik, baizik eta bihotz batasun handiak, etengabeko bakeak, esker onak eta gorespen-hotsak.

Otoitza

Historiaren Jaun, nire urteen Jauna,
zure presentziak eguneroko arropak janzten ditu
nire bizitzaren gaurko egunean.
Ezagunak dituzu nire ametsak, itzalak, argiak,
nire penak, hegan egiten ez duten nire hegoak,
nire pauso sosegu gabeak...
Ezagutzen nauzu eta badakizu lanak ditudala
zu «pausoz pausokoan» ikusten,
betiko lanetan, «egunez egunekotan»,
distirarik ez eta mugak dituztenetan.
Garbitu nire begiak, nire Jainko senide egina!
Ezagutzen nauzu eta badakizu ez naizela jartzen zure janzkira,
koloretan urria, zehatza, arrunta, higatua denera.
Zure aurpegi bila ibili naiz, nire urteen Jauna!

Zu igarotzean nire begiek itun-seinalea
ikusi dute, ezin gehiagoko maitasuna.
Konfiantza handiz itzuli dira
zureen bila,
grazia, kemena, atsedena eskatuz.
Bidelagun beti, nire Jainko eltzegile,
egin nazazu zure erara lurrontzi xume,
bakezko, isiltasunezko,
entrega bihurturiko doakotasunezko lurrontzi.
Ene bizitzako Jaun, adiskide, senide,
egin nazazu zure erara eguneroko keinu,
fede, entzute, eskaintza, besarkadazko keinu.
Ene Jainko laztan, ene Jainko bidelagun,
eskerrik asko ondotik igaro zarelako.

Gutuneko azken hitzak

“Zure etorkizunaren giltza zure eguneroko bizian gorderik dago”. (Pierre Bonard)

2016ko abuztuko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate abuztuko erreferentzia guztiak:

1 Mt 14, 13-21 / 2 Lk 1, 26-33 / 3 Mt 15, 21-28 / 4 Mt 16,13-23 / 5 Mt 16, 24-28 / 6 Lk 9, 28b-36 / 7 Lk 12, 35-40 / 8 Mt 17,22-27 / 9 Mt 10, 28-33 / 10 Jn 12, 24-26 / 11 Jn 15, 4-10 / 12 Mt 19, 3-12 / 13 Mt 19, 13-15 / 14 Lk 12, 49-53 / 15 Lc 1,39-56 / 16 Mt 19, 23-30 / 17 Mt 20,1-16 / 18 Mt 22,1-14 / 19 Mt 22,34-40 / 20 Mt 23,1-12 / 21 Lk 13, 23-30 / 22 Mt 23,13-22 / 23 Mt 23,23-26 / 24 Jn 1, 45-51 / 25 Mt 24,42-51 / 26 Mt 25, 1-13 / 27 Mt 25, 14-30 / 28 Lk 14, 1.7-14 / 29 Mk 6, 17-29 / 30 Lk 4,31-37 / 31 Lk 4, 38-44


Abuztuko otoitzaldia 25ean izango da.