Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2018ko apirila  114. zenbakia

2. printzipioa. Eguneroko bizimodua: barnerantz, umiltasuna

Bibliako Salmo zoragarri batek dio: “Jauna, nire bihotza ez da handi-min, ez nire begiak gorazale; ez nabil gauza handien atzetik, ez neurriz gainekoen atzetik. Isil eta bare dut barne-gogoa; haurtxoa amaren altzoan bezala, haurtxoa bezala dut barnean gogoa. Baina egia da baita, aldi berean, Jainko Jaunak gure neurri guztiak gainditzen dituen bizi-iturriak sortarazten dituela gugan.

 Gogoetarako gaia

Mugak aitortuz eta ahaleginean

Bizitzan maiz gatoz egoera bitxietara, guztiz kontraesaneko diruditenetara. Alde batetik norberaren eta besteen mugak sentitzen ditugu geure baitan. Ez gara nahi genukeen bezain harrigarriak, eta ezingo dugu behin ere izan; ezin dugu nahi genukeen guztia lortu, eta gutxiagorik ere; ingurunean ditugun baldintzak ez dira desiragarrienak, eta abar. Kontziente gara errealitateak geugan eman ahal duenaz eta ezin duenaz. Eta aldi berean bizi izan dugun maitasunak, oraindaino mugitzen eta inspiratzen gaituenak, borrokatzera bultzatzen gaitu ezinezko dirudiena lortu asmoz. Ezin dugu ekinean jarraitu besterik bizitzaren alde, besteen alde, maite ditugunen alde, Jainkoaren alde ...

Nola bizi konponbiderik gabea dirudien kontraesan hau? Berorretan bi isurialdetara irrista gaitezke konturatu gabe. Ezer espero ez duenaren derrotismo errealista da bat, berorrentzat errealitatea inposatu egiten baitzaigu, bizitzaren alderik benetakoena ito arte. Agian jarrera hori jakituriaz, dotoretasunez edo literaturaz jantzi genezake, baina bizia amaitua dago guregan.

Beste isurialdeak, gure eta besteen bizitza garrazten duen boluntarismo itogarrira garamatza. Altxa dezakegu ahotsa, oldar gaitezke zailtasunen aurka, altxa gaitezke lurretik ideia eta ilusio-ahalegin handiak eginez, baina bihotza ez dago fresko, erresumindua baizik, nahasia, pozoitua.

Eta hala ere pertsona batzuek aurkitu dute bizi-zirrikitua, edo eman zaie bizitzan beste fase berri batean sartzeko dohaina. Eta hor, eman dezaketenaren berri jakinez, gauza dira begirada altxatzeko eta bihotz freskoz, maitatzailez, grinatsuz borroka egiteko. Apalki borrokatzen dira, borrokalari apalak dira bizitzak eman dezakeena bere egin dutelako, eta gauza dira erabat emanak bizitzeko, haratago bide egiteko itxaropenez. Zer diren jakinez, dena arriskatzen dute eta horrela atea irekitzen diote uste baino gehiago egiteari. Jainkoak bihotzaren barnenean ukitu dituenek bakarrik ematen dute bizitza besteen alde. Onartzen dute bizitza, eta haren alde borrokatzen dira.

Ebanjelioko pasartea: Lk 13,6-9

Gero, parabola hau esan zien Jesusek: Gizon batek pikondo bat zuen bere mahastian aldatua. Joan zen piku bila eta ez zuen aurkitu. Orduan, mahastizainari esan zion: “Begira, badira hiru urte pikondo honetara piku bila natorrela, eta ez dut aurkitzen. Moztu ezazu. Zertarako egongo da hor lurra alferrik jaten?”. Baina mahastizainak erantzun zion: “Jauna, utz ezazu aurtengoz; bitartean, ondoa aitzurtu eta ongarria botako diot, ea aurrerakoan fruiturik ematen duen; eta bestela, moztu”.

Frantziskotar espiritualtasuna

“Bestalde, bekatu guztiak aitortzen dizkiot Jainko Jaunari, Aita eta Seme eta Espiritu Santuari; Maria dohatsua beti birjinari eta zeru-lurretako santu guztiei, gure Elkarteko Ministro jeneralari, neure jaun agurgarria dudanez, eta gure Ordenako apaizei eta gainerako ene anaia bedeinkatu guztiei. Gauza askotan huts egin dut neure erru handiz, batez ere Jaunari hitzemandako Erregela ez betez ... zabarkeriaz edo neure gaixotasunagatik edo ezjakin eta eskolagabea naizelako ... Eta nik hitz ematen dut gauza hauek tinko beteko ditudala, Jainkoak horretarako grazia emanik; eta nirekin diren anaiei ere mandatua emango diet, beroriek bete ditzaten” (OrG 38-43).

Hitz lauen bidez, Frantziskok bere egiten du eta aitortzen bere bekatua. Bihotzez egiten du hori Jainkoaren, santuen eta anaien aurrean, barkamena eta laguntza behar duela konturatuz. Baina ez du bere ahulezietan planto egiten, aitzitik bere errealitatetik berriro entregu eta agintzarira itzultzen da, berak Jaunari eta Jaunak berari egina zionera; eta hori bere anaiekin elkarturik egiten du eta bere ahuleziatik: ahal duena, ahal duen neurrian; hobeto, Jainkoak horretarako grazia emanik.

Otoitza

Jainkoak esaten dizu: jarri bidean nik erakutsiko dizudan lurralderantz.
Jakizu hitz emandako lurra ez duzula geldirik egonda aurkituko.
Inor baino libreago egin zaitut maitatzea aukera ahal dezazun.
Irribarre dagien Jainkoa nauzu, eskua emateari inoiz uzten ez diodana.
Besteei emana nabilen Jainkoa nauzu.
Aurrera, ez izan beldurrik: mundua egiteke dago oraino.
Gizakiak eraiki egin behar du bere burua.
Maitasuna berriro behar da asmatu eta sortu.
Lurrak eta lurrak zeharkatuko dituzu, eta haietako ezein ez da oraino agindu dizudana. Denak pasoko lurrak dira. Baina bizkar-zorroan daramazuna parteka dezazunean, zeure burua bestearen/besteen alde arriska dezazunean, orduan egiten duzu zapaltzen duzuna agindutako lur, zeren eta Maitasuna baita agindutako lurraren seinale.

Gutuneko azken hitzak

“Dena dezaket indartzen nauen Kristorengan.” (San Paulo)

2018ko apirileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate apirileko erreferentzia guztiak:

1 Jn 20, 1-9 / 2 Mt 28,8-15 / 3 Jn 20,11-18 / 4 Lk 24,13-35 / 5 Lk 24,35-48 / 6 Jn 21, 1-14 / 7 Mk 16, 9-15 / 8 Jn 20, 19-31 / 9 Lk 1,26-38 / 10 Jn 3,5a.7b-15 / 11 Jn 3, 16-21 / 12 Jn 3, 31-36 / 13 Jn 6,1-15 / 14 Jn 6, 16-21 / 15 Lk 24, 35-48 / 16 Jn 6, 22-29 / 17 Jn 6, 30-35 / 18 Jn 14, 6-14 / 19 Jn 6,44-51 / 20 Jn 6,52-59 / 21 Jn 6, 60-69 / 22 Jn 10, 11-18 / 23 Jn 10, 11-18 / 24 Jn 10,22-30 / 25 Mk 16,15-20 / 26 Mt 5,13-16 / 27 Jn 14, 1-6 / 28 Jn 14,7-14 / 29 Jn 15,1-8 / 30 Jn 14, 21-26


Apirileko otoitzaldia 26an izango da