Iradokizunak

 


Oharrak:

  • Asis Sarearen ezaugarri nagusiena da irekia izan nahi duela eta bere asmoa biderkatzea. Irekitasun hau sarean parte hartzen dugun bakoitzari egitea dagokigu. Guztiok biderka dezakegu Asis Sarea, hilero-hilero Gutun hau jasotzera edo hileroko azken ostegunetan 19.30ean, ohiko lekuetan, ospatzen dugun otoitzaldian parte hartzera nor gonbida dezakegun pentsatuz.
  • Asis Sareari buruzko informazioa hartu nahi izanez gero, edo gutun hau hilero hartzeko izen emateko, deitu 646-214896 telefono zenbakira edo bidali mezua asissarea@arantzazu.org helbide elektronikora.

 

2018ko urtarrila  111. zenbakia

3. printzipioa. Eguneroko bizimodua: kanporantz, elkartasuna

Frantzisko Aita santuak behin eta berriz agertu digu naturarekiko, eta batez ere baztertuekiko ardura. Izan ere, natura ez baitago gugandik kanpo, eta ezin dugu naturarekiko ardura bizia agertu pertsona zokoratuak, ezereztuak kontuan hartu gabe. Etika eta ardura eskatzen digu bizi dugun garaiak. Ekin diezaiogun urteari zauriturik daukagun mundua zainduz.

 Gogoetarako gaia

Ekologia soziala

Zer aurpegi jarriko ote luke Asisko Frantziskok “ekologia sozialaz” hitz egiten entzungo balu? Segur asko ez luke ezer ulertuko, logikoa denez. Ezin dugu pentsatu ere gaurko hitz eta ideiak beste garaietan ulertuak izatea. Baina bitxia da nola aspaldiko jaun-andreek izandako intuizioek anima gaitzaketen oraingo arazoak gaurko ideia eta hitzetan, modu gizatiarrago eta solidarioagoan, bizitzen.

Pobretasunean bizitzea hautatzen zenean, eskuarki hori norberaren giza alderdiekin lotzen zen: askatasunez, premia fisiko edo psikologikoak asebetetze hutsaren menpean erori gabe, bizitzen jakitearekin; beste batzuetan onbideren bat lortzearekin, edo bestela sakrifizio gisa interpretatzen zen taxu moral edo erlijiosoko beste irabaziak lortzearren, etab. Gaur, aldiz, orain gutxi arte pentsatu ezin ziren, edo ardura-objektu ez ziren, dimentsioei erantzuten dien sentiberatasunak eraginda gabiltza, adibidez dimentsio soziala, politikoa, ekologikoa, etab.

Eta gauzen martxa honetan ikasiz goaz, geure bizimodu gartxuago eta urriagoa ez dela soilik orduan axolazkoak ziren motibazio haiei erantzuteko, hala nola aszesia, zerbait merezitzeko mortifikazio-modu bat, etab. Egun kontuagoan hartzen dugu, gure gartxuago eta urriago bizitzeak eragina duela besteen ongizatean ala gaizki-izatean, eta planeta hain hauskor eta iragankorraren martxa hobean ala okerragoan; kontsumoan, gastuan, hondakinetan egiten ditugun hautapenek, eta geure baliabide pertsonal eta sozialak hobeto ala okerrago aprobetxatzeak, eragin handia dutela errealitate sozial eta ekologikoan.

Horregatik frantziskotar espiritualitateak badu zeresanik, eta asko, gure gizadiaren gaurko kezka-eremu berri horietan. Frantzisko ez zen izan, urritik ere, ekologista guk ulertzen dugun moduan. Baina plano motxetan izan zituen intuizioek (bere eduki gutxiak behartsuen artean banatu nahi izatea, gutxirekin bizitzera gonbidatzea, etab.) gaurkotasun handia daukate maila globalago, sozialago eta planetarioagoan. Haren intuiziorik sakonenak guztiz gaurkoak dira.

Bibliako pasartea: 2 Ko 8,1-5

Senideok, Jainkoak Mazedoniako eliz elkarteei izan dien onginahia jakinarazi nahi dizuet. Atsekabealdi gogorra jasan behar izan duten arren, haien poza neurrigabekoa izan da eta, gabezia gorrian izan arren, oso eskuzabal agertu dira. Ahal zutena eta gehiago ere eman dutela testigu naiz. Beren gogoz, arren eta arren eskatzen zidaten fededunen aldeko zerbitzu honetan parte hartzen uzteko. Eta nik uste baino gehiago ere egin dute: lehendabizi Jaunari eman zizkioten beren buruak, eta gero niri, Jainkoak nahi bezala.

Frantziskotar espiritualtasuna

Zelano herrian, negu batez, Frantzisko santuak Tivoliko anaien lagun batek maileguz utzia zion oihal bat zeraman sorbaldan, mantu baten erara tolestuta. Santua Marsiko gotzainaren jauregian zegoela, emakume zahartxo bat etorri zitzaion limosna eske. Berehala oihala lepotik askatu eta pobre zahartxo hari eman zion, nahiz eta ez zuen berea. Eta esan zion: «Zoaz eta egizu soinekoa, baduzu premia eta». Emakumeak, irribarrez eta txundituta -ez dakit beldurrez ala pozez-, eskutatik hartu zion oihala eta, lasterka joanez -itxaroteak mantua berriro eskatuko zioten arriskua baitzekarren-, artaziak hartu eta ebaki egin zuen.
Baina ohartu zen oihal-zatiek ez zutela soinekoa egiteko lain ematen eta, santuarengan aurkitu zuen onberatasunak adoretuta, berarengana jo zuen berriro, oihala ez zela aski esatera. Santuak lagunarengana begiak itzuli, oihal berdina baitzeraman hark sorbaldan, eta esan zion: «Entzuten al duzu, anaia, pobretxo honek dioena? Jasan dezagun hotza Jainkoaren maitasunagatik, eta emaiozu pobretxo honi oihala, soinekoa bukatzeko lain izan dezan» (2 Zel 86).

Otoitza

Goratzen zaitugu, Aita, zure esku indartsutik
atera ziren sorkari guztiekin.
Zureak dira,
eta zure presentziaz eta txeraz beteak.
Goratua Zu.
Jesus, Jainkoaren Seme,
diren guztiak Zuk eginak dituzu.
Zure Ama Mariaren sabelean eratu zinen
eta lur honetako partaide egin,
eta mundu honi giza begiz begiratu zenion.
Egun sorkari bakoitzean zaude bizirik
berpiztua izatearen aintzaz.
Goratua Zu.
Espiritu Santua, zeure argiaz mundu hau
Aitaren maitasunerantz zuzentzen duzuna
eta kreazioaren intziria bide-laguntzen,
Zu gure bihotzetan ere bizi zara
gu egite onetara bultzatzeko.
Goratua Zu.
Jaun Bakar eta Hirukoitza,
maitasun azkengabedun komunitate preziatua,
irakats iezaguzu Zu kontenplatzen
unibertsoan eder den guztian,
non dena Zutaz mintzo den.
Esnatu gugan gorespena eta esker ona
egin duzun izaki bakoitzagatik.
Emaguzu, existentzia duen guztiarekin
muinean elkartuak sentitzeko grazia.
Maitasunaren Jainkoa,
erakuts guri geure lekua mundu honetan,
lurreko izaki guztiei diezun txeraren ispilu gaitezen,
haietako ezein ez baitago Zuk ahaztua.
Eman argi botere eta diruaren jabeei,
axolagabekeria-bekatutik gorde daitezen,
denen ona maita eta ahulak susper ditzaten,
eta bizileku dugun mundua zaindu.
Behartsuak eta ludia intzirika ari dira:
Jauna, har gaitzazu zeure ahalmen eta argiaz,
bizi oro babes dezagun,
etorkizun hobe bat prestatu,
zure Erregetza etor dadin
justizian, bakean, maitasun eta edertasunean.
Goratua Zu.
Amen.

(Frantzisko Aita Santua).

Gutuneko azken hitzak

“Ingurugiroaz gai garrantzitsuena ia ez da aipatzen, eta da gure kulturaren etikarik eza.” (Gaylord Nelson)

2018ko urtarrileko eguneroko Ebanjelioa

Egunero Ebanjelioa irakurri nahi duten lagunek, egun bakoitzari dagozkion irakurgaien arabera, hemen dauzkate urtarrileko erreferentzia guztiak:

1 Lk 2, 16-21 / 2 Jn 1, 19-28 / 3.Jn 1, 29-34 / 4 Jn 1, 35-42 / 5 Jn 1, 43-51 / 6 Mt 2,1-12 / 7 Mk 1, 7-11 / 8 Mk 1, 14-20 / 9 Mk 1, 21-28 / 10 Mk 1, 29-39 / 11 Mk 1, 40-45 / 12 Mk 2, 1-12 / 13 Mk 2, 13-17 / 14 Jn 1,35-42 / 15 Mk 2, 18-22 / 16 Mk 2, 23-28 / 17 Mk 3, 1-6 / 18 Mk 3, 7-12 / 19 Mk 3, 13-19 / 20 Mk 3, 20-21 / 21 Mk 1,14-20 / 22 Mk 3,22-30 / 23 Mk 3, 31-35 / 24 Mk 16,15-18 / 25 Mk 4, 21-25 / 26 Mk 4, 26-34 / 27 Mk 4, 35-41 / 28 Mk 1, 21-28 / 39 Mk 5,1-20 / 30 Mk 5,21-43 / 31 Mk 6,1-6


Urtarrileko otoitza 25an izango da